XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Leninak hirugarrenez ezetz buruaz.

- Nola nahi ere, medikuarengana joan behar zenuke - esan zuen Henryk.

Medikua ikus, minak ihes - gaineratu zuen amultsuki, bizkarrekotxo batez lagundurik irakatsi hipnopedikoa.

Izor Orde baten beharra duzu agian sujeritu zion, edo G.B.A.ren tratamendu gogor bat.

Ba dakizu, bada, batzuetan Grina Bortitz Artifizialaren indarra ez dela irixten...

- Forden amodioarren! - esan zuen Leninak bere ixiltasun tematia hautsirik - Zaude ixilik behingoz!

Eta bizkar emanik, bere enbrioiei ekin zien berriro.

G.B.A.ren tratamendua?

Parreari emanen zion Leninak, ia nigar egitekotan egon izan ez balitz.

Bere G.B.A.rekin ere aski ez balu bezala!

Xiringatxo bat bete bitartean, hasperen sakona egin zuen.

John murmurikatu zuen berekiko John...

Gero galdetu zion bere buruari: Ford! eman al diot honi loeriaren kontrako indiziorik?

Ala ez al diot oraindik eman?

Ezin gogoratu.

Azkenez ebatzi zuen bigarren dosirik ez sartzea badaezpadan, eta hurrengo hilarara pasa zuen fraskoa.

Geroztik hogei eta bi urte, zortzi hilabete eta lau egunera, Alfa-Gutiago gazte eta Muanza-Muanzako administrari etorkizuntsu bat tripanosomiasiz hilen zen.

Lehenengo kasua mende erdi baino gehiagoan.

Hasperenka, Leninak jarraiki zuen bere lana.